Tuonela, Herioaren Herrialdea…

Ondo ezagutzen zuen Zisneak paraje hura, patuak, halabeharrez, bertara eraman baitzuen. Ondo ezagutzen zuen hango iluna eta Herioaren hotza. Baita haren boterea ere, hatzapar zitalez norbait seinalatzen zuenean.

Sirenak ere bazuen haren berri. Zirrara min batek astindu zion barrua Herioaren mezu errukigabea  hartu zuenean. “Ez, oraindik ez…”

Kantuz isuri zuen bere samina, eta laster Tuonelako ibaian zehar hedatu zen Zisnearenganaino heldu zen arte, eta hau, aspaldian ez bezala, hunkituta gelditu zen. Harenganako errukiak eta jakin-minak indartua, Bizidunen Mundura ateratzeko abagunea ikusi zuen.

Ibaian  behera egin zuen lehen zatia eta hegaz, berriz, Sirenaren itsasorainoko azkena.

Haitz baten kontra aurkitu zuen Sirena. Baina ez zitzaion goibel iruditu. Izan ere, zerua margotzen zuen aurora borealarekin jolasean ziharduen. Eskuak mugituz, haren formak eta koloreak  aldatzen zituen. Ikuskizuna paregabea zen, eta Zisnea ez zen une eder hura etetera ausartu.

Bat-batean Zisnearen presentziaz ohartu zen, eta jolasari utziz, izututa galdetu zion:
—Zer egiten duzu hemen? Norbaitek bidali ahal zaitu nire bila?
—Ez, lasai zaitez, zure kantuak ekarri nau hona. Ezer egiterik banu zuregatik…
—Egingo zenuke?

Eta denborarik galtzeke, Sirenak paraje baten irudi bat atera zuen ezerezetik eta hura seinalatuz, esan zuen:
—Nire azken egunak hemen eman nahi nituzke. Ametsetan ikusi dudan txoko zoragarri bat da. Baina ez dauka itsasorik…

Zisneak, bere nahia betetzeko ahal zuen guztia egingo zuela agindu zion, eta Sirenak emandako argibide guztiak kontutan hartuta, abian jarri zen. Nola edo hala lortu egin behar zuen, zailtasunak zailtasun.

Finlandiako herrialde hartatik irten eta, gau eta egun, denbora luzez, orain igerian, orain hegan egin ondoren, azkenean bistaratu zuen Munibe Plaza.

Pertsona bakarra zegoen bertan, eserleku baten jarrita, eta erabat harritu zen zisnea hurbildu eta mezu bat eman zionean. Baina are gehiago harritu zen mezua irakurritakoan. Hala ere, sinestezina dirudien arren, pertsonak hitz eman zion bere esku zegoena egingo zuela.

Berehala bildu zituen bertako biztanleak eta mezuak zioena laburtu zien:
Hilzorian zegoen Finlandiako sirena harentzako Munibe Plaza itsas txoko bat bihurtzen  bazuten Aurora Boreala ikusi ahal izango zuten bertatik.

—Tira! Ez haiz benetan ibiliko! Burutik eginda, ala? –batzuk.
—Eta zergatik ez? Hi, Aurora boreala ikusteak etxaukak preziorik! -beste batzuk.
—Baina nundik jirau bihar juagu itsasua? Esatiak be…

Leku guztietan bezala, hemen ere ezkorrak eta ameslariak zeuden. Baina badakigu historian izan diren ameslari zoroen ausardiari esker lortu dela hainbat eta hainbat edertasun.

Zorionez, egitasmoa aurrera atera zen luze eztabaidatu ostean, eta berehala, Zisneari aditzera eman zioten.

Itzulerako bidaia askoz arinagoa egin zitzaion Zisneari. Gogoz beterik zihoan lagunari berria ematera.

Laster jarri ziren biak bidean. Sirenak Finlandiari musu emanez agur egin zion, eta hego aldera egin zuten.

Eta hara: bidaiaren amaieran, Munibeko itsas txokoaren ilunabarrean, bizilagun liluratuen gainetik, Aurora boreala gailendu zen.

Advertisements
Published in: on 2010/03/16 at 17:23  Comments (2)  
Tags: , , , ,

The URI to TrackBack this entry is: https://gaumagikoak.wordpress.com/2010/03/16/tuonela-herioaren-herrialdea%e2%80%a6/trackback/

RSS feed for comments on this post.

2 CommentsLeave a comment

  1. Kaixo Erramun!! Hire pinturaren eta ametsen musika, nireganaino ere heldu duk. Pozgarria benetan ametsak gorpuzten erakusten ari haizen kemena.

    Hemen nauk bidelagun izateko prest eta ez nauk bakarrik ariko bidaia zoragarri hontan. Finlandia geure Itakarekin lotu duk motel!!!

    Besarkada handi bat hiri eta bidaia aprobetxatuz baita Lierni eta Uxueri ere bai.

  2. […] Orain zure txanda da, irakurle. Gusto baduzu, Munibe plazan ikusiko zaitut, Bergaran, 22:30ean zisne bat etorriko da-eta Finlandiatik, eta, okerrik ezean, aurora boreala ekarriko digu. Ez hutsik egin! […]


Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Change )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Change )

Connecting to %s

%d bloggers like this: