Postdata saioan

[blip.tv ?posts_id=3633219&dest=-1]
Orain sei urte, 2004an, “Espazioak amets egiteko” erakusketa ireki berri nuela Oñatin, Elixabete Garmendia kazetariak erreportaje bat egin zidan Euskal Telebistan, Postdata saioan.

Ahaztua nuen ia bideoa zegoenik ere, baina eskuratu dudanean, erabaki dut hona ekartzea, irakurleok ikus dezazuen zelako lanak egiten nituen garai hartan. Eskerrik asko bai Elixabete Garmendiari eta baita Euskal Telebistari ere.

Jesus Romo eta Gau magikoak


Aste honetan ezusteko atsegina izan dugu sarean: Jesus Romo EHUko irakaslea Gau magikoak Munibeko plazan proiektuko margolanak ari da promozionatzen bere Twitter kontuan.

2010ean hasi zen Jesus bere gustuko artisten lanak erakusten Twitter bidez, hala nola Vincent Van  Gogh, Norman Rockwell, Gely Korzhev, Andrew Atroshenko, Isaak Levitan edo Erramun Landa. Berak aitortu duenez, “oso kitzikagarria da niretzat artista bati begia bota eta bere lanak aurkitzea, bai ere artistak aukeratzea”. Niretzat poz handia da Jesusek nire proiektu bat aukeratu izana, bere sarean erakusteko.

Jesus Romok Ingeniaritza Eskolan irakasten du, Euskal Herriko Unibertsitatean, eta bertan Campus birtualeko zuzendaria da. Twitter eta Twitpic erabiltzen ditu bere gustuko margolanak erakusteko, baina noiz edo behin izaten du ezusteko desatseginik: “Gezurra badirudi ere Twitpic zerbitzukoek zentsuratu egin dizkidate biluziak, zerbitzua moztu zidaten eta eztabaida izan genuen. Baina alferrik, azkenean biluzi guztiak kendu behar izan nituen. Geratu zen bakarra hau zen. Kubismoaren abantailak”, dio barrezka.

Published in: on 2010/05/20 at 20:21  Comments (1)  
Tags: , , , , , ,

Finlandia poema sinfonikoa


Ekainaren 25ean, erlojuak gaueko 22:30ak jotzen duenean, Finlandia entzungo da Munibe plazan, Jean Sibelius musikari finlandiarrak 1899an sortu eta 1900an orraztu zuen poema sinfonikoa.

Piezak zazpi bat minutu irauten du, eta erritmo nahiz estilo zurrunbilotsuak ditu denbora gehienean, herri finlandiarraren burruka irudikatu guran, baina amaieran lasaitu egiten da, eta atea irekitzen dio itxaropenari.

Sibeliusek sortu zuen pieza hau herria autonomiaren kontra mobilizatzeko, Errusiako Inperioak Finlandiarentzat antolatu nahi zuena. Hori zela-eta, hainbat izen bitxi eman behar izan zitzaion lanari, errusiarren zentsurari izkin egiteko, hala nola “Sentipen zoriontsuak Finlandian udaberria sortzerakoan”.

Seguruenik, poema sinfonikoaren piezarik famatuena azken himnoa izango da, “Finlandia” himnoa. Sibeliusek bereiztu egin zuen pieza hau, eta 1941ean Veikko Antero Koskenniemik hitzak idatzi zizkion. Hauxe da, duda barik, Finlandiako abestirik popularrenetakoa. Letra desberdinekin, bere musika erabiltzen da himno kristau batean —Be still, my soul—, eta erabili zen, halaber, Biafrako estatuaren ereserki nazional gisa, Afrikan.

GOITB eta Sustatu

[blip.tv ?posts_id=3634128&dest=-1]
Aste honetan beste bi aipamen ekarriko ditugu blogera, gure proiektuaren gainean hedabideetan egin direnak:

  • Goiena Telebista nire estudioan izan zen, eta hementxe duzue bertan egindako albistea.
  • Sustatu. Joxe anaiak bidalitako artikulua.

Sustapeneko bideoa


Erdi jolasean —eta Youtuberen The Search Stories Video Creator erabilita, aplikazio bat bideo batean grabatzen duena Googlen egindako sei bilaketa— bideo labur hau egin dugu, gure proiektua promozionatzeko.

Eskerrik asko Youtuberi eman digun aukeragatik, berau egin bitartean izugarri ondo pasatu dugu-eta, probak egiten.

Published in: on 2010/05/08 at 19:18  Leave a Comment  
Tags: , , , ,

Arrasate Irratian

Aste honetan ere gure proiektuak izan du oihartzunik hedabideetan. Apirilaren 30eko Goienkarian, 19. orrialdean, Arantzazu Ezkibel kazetariak sinatu zuen artikulu bat, Ramon Arantzabalek performance-a egingo du ekainaren 25ean Munibe plazan.

Maiatzaren 3an, berriz, Edu Mendibilek elkarrizketa egin zidan Arrasate Irratian, hemen entzun ahal izango duzuena.

Eta egun bat geroago, Oier Araolazak artikulu bat eskaini zigun Dantzan.com webgunean: Musirakak parte hartuko du Ramon Aranzabalen Gau Magikoa ikuskizunean.

Published in: on 2010/05/06 at 20:15  Leave a Comment  
Tags: , , , ,

Musiraka dantza taldea

Ekainaren 25ean Musiraka dantza taldeak zeregin inportantea izango du Gau magikoak Munibeko plazan ikuskizunean. Ez baduzue Musiraka taldearen berri, hona hemen zenbait zertzelada hari buruz.

Musiraka dantza taldea 2005ean sortu zen Osintxun, Bergaran, dantza eskola bezala bertako umeentzat. Hasiera batean, hamar umek eta irakasleak osatu zuten taldea, baina gero gurasoak ere animatu egin ziren, eta gaur egun 28 kide ditu, adin guztietako neska-mutilak.

Taldearen izena, berriz, osatu zen elkartuta Osintxuko hiru bailaren izenen lehenengo silabak: Muskitxu, Iraban eta Kaparra. Musiraka.

Hasieran, arin-arina eta fandangoa besterik ez zuten dantzatzen, baina, poliki-poliki, dantza gehiago ikasten joan ziren: “Zazpi jauzi”, “Polk” estiloko dantzak, aurreskua… Horrela, taldeak ikusi zuenean bere burua gai saio txiki bat egiteko, erakustaldi txiki bat egin zuen Osintxun bertan. Horrelakoa izan zen Musiraka dantza taldearen hasiera.

Gauzak ondo zihoazela ikusita, iruditu zitzaien taldearentzat aberasgarria izango zela pauso gehiago eta bestelako musikak sartzea, eta musika klasikora jo zuten, beti ere euskal dantzetako pausoak alde batera utzi barik. Gaur egun, bi estilo horiek nahastuta, saiatzen dira erakustaldi polit bat egiten.

Hasiera batean Osintxuko jaietan eta ferian soilik egiten zuten dantza. Gero, aukera eskaini zitzaien Kilometroetan dantza egiteko, Bergaran. Axpe Martzanako jaietan ere beste ekitaldi bat egin zuten. Joan den udan Bergarako Zabalotegi aretoan dantzatu zuten, eta, azkenik, Soraluzeko jaietan.

Ni oso pozik nago Musiraka bidelagun dudalako ikuskizun honetan. Ikusi dut bertako partaideek zelako probasaioak egin dituzten, eta uste dut taldearen ekarpena oso interesgarria izango dela.

Aldez aurretik, mila esker Musiraka!

Aurora boreala Munibe plazan

Gau magikoak Munibeko plazan ikuskizuna ekainaren 25ean egingo da, San Joan biharamunean, iluntzeko 22:30ean. Orain azalduko dizuet zelakoa izango den.

22.30ean Munibeko plazan gizon bat baino ez da egongo, Munibeko gizona, eta han dagoela, bozgorailuetan Jean Sibelius musikariaren Finlandia poema sinfonikoa hasiko da entzuten. Finlandiak ia 8 minutu eta erdi irauten du, eta denbora horretan, gauza asko gertatuko dira gure plazan.

Musikaren lehen konpasekin batera, dantzari talde bat sartuko da plazan, tartean istorio honetako zisnea antzezten duena, aldean margolan bat daramatela: Tuonelako sinerak bidalitako mezua. Zisneak taldea utzi eta mezua emango dio Munibeko gizonari, hura lurrean utzita. Munibeko gizonak ahoz gora irakurriko du, eta jakinaraziko die bertako biztanleei Tuonelako sirenaren azken borondatea: Munibe plazan hil nahiko luke, bertan Aurora boreala sortuta, baina horretarako bertako bizilagunek Munibe plaza itsasportu bihurtu beharko dute. Haien artean eztabaida sortuko da, baina, azkenean, baietz. Hori entzunda, zisnea Finlandiarantz abiatuko da, sirenarekin itzultzeko.

Eta itzultzen direnean, hara, Aurora boreala agertuko da Munibe plazan, orduan piztuko dira-eta argi guztiak, eta bertan agertuko dira nik egindako 17 margolanak, Munibe plaza inguratzen duten etxeetako balkoietan eskegita. Hortxe amaituko da Finlandia poema sinfonikoa.

Munibe plaza argiztatuta dagoela, eta bertan Aurora boreala ikusten dela, Jean Sibeliusen Bigarren sinfoniaren 2. zatia hasiko da jotzen —hogei minutu irauten du—, eta orduan gonbita egingo zaie ikusleei bertara sartu eta Ipar-aurora ikus dezaten, alegoria honetan horixe izango baita Aurora boreala: 17 margolanak eta argiak, goiko argazkian ikusten den bezala. Egunez ere ikusi izango da erakusketa, beheko argazki honetan ikusten den moduan, asteburuan margolanak zintzilikatuta egongo dira-eta.

Published in: on 2010/04/24 at 19:20  Comments (1)  
Tags: , , , ,

Aste oparoa hedabideetan

Joan den astelehenean jakinarazi genuen bloga dugula, eta, blogarekin batera, sustapen-estrategia bat Web 2.0ko erremintak erabilita, eta, egia esan behar badut, harrituta geratu naiz zelako harrera izan duen proiektuak hedabideetan.

Albisteak hedabide hauetan izan du oihartzuna:

MQP irratsaioan

Gaur Bilbon izan gara Joxe anaia eta biok, hitzordua genuen-eta Radio Euskadin, Mas que palabras irratsaioan. 13:30ean, zain genituen Javier Vizcaino eta Edurne Mendia esatariak. Abegikor hartu gaituzte, eta elkarrizketa ere halaxe joan da.

Lehen aldia zen irrati batera nindoala, baina ez dut urduritasunik nabaritu. Galdera teknikoak, Interneti buruzkoak, Joxeri egin dizkiote. Proiektuari buruzkoak, ostera, niri. Biok ere, gustura itzuli gara etxera. Nahi duenak elkarrizketa entzun, hementxe bertan egin dezake, klik eginda playar honen triangeluan.