Gau magikoa, bideoan


Azkenean iritsi da gau magiko hartako bideoa. Andoni Gaztelua lagun handiak egin du, Jabi Gaztelua bere anaiaren laguntzarekin. Eskerrik asko biei! Bideoak 8 minutu eta 40 segundu irauten du, eta oinarrian, nola ez, Jean Sibeliusen musika dauka, Finlandia. Goza ezazue!

Advertisements
Published in: on 2010/08/10 at 14:56  Leave a Comment  
Tags: , , , ,

Eskerrik asko denoi!

Amaitu da. Eskerrak eman beharra daukat. Gau magikoak Munibeko plazan esperientzia paregabea izan da, baina hau lan korala izan da, bertan jende askok hartu duelako parte: Rosa Narbaiza gidoiarekin, Musiraka koreografia bereziarekin, Andoni Etxebarria antzezpenarekin, babesleak, Lierni eta Usue ni agoantatzen, familia eta lagunak, Josetxo Aranzabal argazkiekin… eta ekainaren 25ean Munibe plazan izan zineten guztiak. Denoi, mila esker! (Argazkia: Josetxo Aranzabal)

Gau magikoa, benetan

Ez dakit nondik hasi, bart gauekoa adierazteko. Badakit Munibe plaza leku berezia dela —horregatik aukeratu nuen performance hau egiteko—, baina sekula ez dut atzo bezain ederra ikusi, hantxe uztartu baitziren lekuaren ederra, musikaren lilura, pinturaren ikusgarritasuna, dantzaren erakargarritasuna eta jendearen beroa.

Hasteko orduan trankil nengoen, arratsaldeko 19:00etan egindako probak ondo irten zirelako. Eta behin hasita, berez joan zen dena. Izan genuen arazoren bat soinuarekin, baina teknikariek ondo gainditu zuten. Ikuskizuna, bestela, primeran joan zen.

Handik aurrerakoa, ziztu batean joan zen, eta ni ezin irentsirik gertatzen ari zen guztia. Denetik entzun nuen: gehienei izugarri gustatu zitzaien, banaka bati labur egin zitzaion, eta izan zen entzun bai, baina ikusi ez zuenik, jende asko baitzegoen plazatik kanpo Pol-pol taberna aldera, ekitaldia ikusi guran.

Gaur goizean, berriz, kendu egin ditugu margolanak Munibe plazatik. Bi arrazoi izan ditugu horretarako: Udalak gaztelu puzgarriak-eta ipini dituela Munibe plazan, eta horrekin aldatu egin da astebururako pentsatuta genuen asmoa, jendea lasai etor zedin plazara bertako margolanak ikusteko; eta eguraldi iragarpena, txarra aginduta dago-eta arratsalderako.

Iragarpenak iragarpen, pozik geratu naiz emaitzarekin, eta, zer esanik ez, nire inguruko jendearen lanarekin. Mila esker denoi, bihotz-bihotzetik.

Flickr-en dituzue bart gauean ateratako argazkiak.

Published in: on 2010/06/26 at 09:50  Leave a Comment  
Tags: , , , ,

Euskadi Irratian

Gaur arratsaldean, bost ordu falta direla gaueko ekitaldirako, Nekane Peñagarikanok elkarrizketa egin dit Euskadi Irratian, “Arratsaldekoa” irratsaioan. Hona hemen grabazioa.

Etorri eta gozatu

Dena prest dago. Atzo goizean margolanak igo eta eskegi genituen, baita estali ere, Munibe plazara ematen duten eraikinetan. Eskerrak Bergarako udal langileei. Nekatuta etxeratu nintzen, baina pozik, poliki-poliki puzzlea osatzen ari da-eta.

Dena dago kontrolpean… eguraldia izan ezik. Hala ere, erabaki dut ikuskizuna egin egingo dela, nahiz eta euri apur bat egin. Udako solstizioak badu lilura berezia, eta horri eutsi nahi diot.

Guk egin dugu geure lana. Orain zure txanda da, irakurle. Gusto baduzu, Munibe plazan ikusiko zaitut, Bergaran, 22:30ean zisne bat etorriko da-eta Finlandiatik, eta, okerrik ezean, aurora boreala ekarriko digu. Ez hutsik egin!

Published in: on 2010/06/24 at 18:24  Leave a Comment  
Tags: , , , ,

Plazaren ederra!

Munibe plaza berria da, 2001ean sortu baitzen udaletxetik oso hurbil, orube zahar batean, 947 metro koadrokoa. Bera inguratzen honako eraikin hauek ditu, zein baino zein ederragoa:

Ondartza etxea

Andres Martinez de Ondartzaren aginduz jaso zen, XVI. mendeko lehen erdian. Gorteko gizon printzipala izaki, Karlos V.a enperadoreak baimena eman zion maiorazgoa sortzeko, eta horren buru etxe dotore hau ipini zuen. Badirudi jatorrian Ondartza etxeak bi gorputz zituela, bata altua eta garaia, dorre formakoa (Bidekurutzeta kalean dagoena), eta bestea zabalagoa eta lehenengoa baino altuera txikiagokoa (Olaso dorrea ia ukitzen duena).

Bergarako Erret Seminarioa

Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteak sortu zuen XVIII. mendean, XVI. mendetik jesuiten ikastetxea zena aprobetxatuta. Aurreko fatxada, herriko plazara ematen duena, XIX. mendekoa da. Munibe plazara, berriz, bi adarrek ematen dute: UNED unibertsitateari dagokiona eta Aranzadi ikastolarena.

Moiua jauregia

Eraikin ederra da, batez ere atzeko partetik begiratuz gero, beheko argazkian ikus daitekeen bezala, leiho eta arku ikusgarriak ditu-eta. XVI. mendekoa da eta Rocaverdeko markesarena izan zen. 1718ko matxinadan erre egin zuten, eta kanpoko hormak baino ez ziren geratu. Geroago baina, berreraiki egin zuten.

Published in: on 2010/06/22 at 20:36  Comments (2)  
Tags: , , , ,

Probasaioa

Behin azken euriak joanda, ekainaren 20an, igandez, ordubeteko probasaioa egin dugu Munibe plazan, Bergaran. Bertan izan dira Musiraka dantza taldea, Andoni Etxebarria (Munibe plazako gizona) eta beste zenbait lagun, lagunduko dutenak “Gau magikoak” kudeatzen.

Plazaren albo batean erremolke bat egon da, kiosko lanak egiteko, baina hori ez da oztopo izan gure saioa egiteko. Egia esan, hiru aldiz probatu dugu koreografia, eta hor Musiraka taldea eta Andoni Etxebarriaren lana uztartu behar izan dugu. Konforme geratu naiz, denak ere oso ondo egon direlako.

Ekainaren 25ean egin beharreko beste zenbait lan ere zehaztu dugu, gure koadrillako zenbait lagunek borondatez egingo dute-eta lan gau horretan, dena ondo joan dadin. Azken probasaioa ekainaren 25ean bertan izango da, arratsaldeko 19:00etan. Ikusi nahi badituzue probasaioko argazkiak, Flickr-en dituzue ikusgai.

Gero eta garbiago ikusten dut, eguraldiak errespetatzen bagaitu, dena oso ondo irtengo dela. Ikuskizun polita izango da, jendeak atseginez gogoratuko duena.

Babesleak

Zortzi egun bakarrik falta dira ekainaren 25erako. Honaino iritsita, aipatu nahiko nituzke babesleak, hasiera-hasieratik diruz edo baliabidez lagundu didaten enpresa eta erakundeak:

Nire eskerrik beroenak babesle hauei, erakutsi didaten konfiantzagatik, batez ere krisi garai hauetan. Nik ere aitortu nahi izan diet laguntza, blog honen eskuin zutabean loturak jarrita euren webguneetara. Eskerrik asko!

Published in: on 2010/06/16 at 17:44  Leave a Comment  
Tags: , , , ,

Nire koadernoa


Hau bezalako proiektu bat prestatzeak eskatzen du pintatzea baino lan gehiago: aztertu egin behar da zelakoa den Munibe plaza, eta, horren arabera, kalkulatu zer neurritako margolanak egin behar diren, kontuak atera zelan eskegi margolanok balkoietan, pentsatu zer eratako argiak erabiliko diren, planifikatu nondik atera diru laguntzak, hitz egin Bergarako Udaleko arduradunekin eta Munibe plazaren inguruan bizi diren bizilagunekin, baimenak eskatu, etab., etab.

Horretarako, koaderno bat eduki dut lagun denbora honetan guztian, eta bertan joan naiz apuntatzen xehetasun guztiak, proiektuari dagozkionak. Edozein zalantza dudanean, bertara joaten naiz, hortxe ditut-eta datu guztiak. Goiko argazkia 2009ko azaroaren 1ean aterata dago, eta bertan ikus dezakezue garai hartan zertzuk nerabiltzan buruan.

Published in: on 2010/06/06 at 15:21  Leave a Comment  
Tags: , , , ,

Jean Sibelius


Honezkero jakingo duzu, irakurle, ekainaren 25ean Jean Sibelius konpositore finlandiarraren musika entzungo dela Munibe plazan, Bergaran, gaueko 22:30ean hasten denean gure ikuskizuna: Gau magikoak Munibeko plazan. Baina nor zen Jean Sibelius?

Jean Sibelius Finlandian jaio zen 1865ean Hämeenlinna herrian, eta 1957ean hil, Järvenpää-n, 91 urte zituela. Bere musika Erromantizismo berantiarrekoa da, eta eragin nabarmena izan zuen Finlandiaren nortasun nazionala finkatzen.

Bizitza

Johan Julius Christian Sibelius Hämeenlinna herrian jaio zen, Finlandiako Dukerri Handian, suediera hitz egiten zuen familia batean. Nahiz eta familian “Janne” esaten zioten, ikasle zela hasi zen erabiltzen bere izenaren frantses aldaera, “Jean”, oinarri hartuta bere osaba baten bisita txartelean. Gaur egun mundu osoan da ezagun Jean Sibelius izenarekin.

Bere familiak erabaki zuen Jean gaztea finlandiar hizkuntzako eskola batera bidaltzea, eta halaxe ikasi zuen Hämeenlinnako eskolan 1876tik 1885era bitartean. Nazionalismo erromantikoa elementu erabakigarria izan zen Sibeliusen produkzio artistikoan eta bilakaera politikoan.

Lana

Sibeliusen lanaren funtsa zazpi sinfoniatan biltzen da. Beethovenek bezala, Sibeliusek ere erabili zuen horietako bakoitza bere estiloa garatzeko.

Sinfoniak alde batera utzita, Sibeliusen konposiziorik ezagunenak dira Finlandia, Balts Tristea, biolin kontzertua, Karelia Suitea eta Tuonelako Zisnea (Lemminkäinen Suitearen lau mugimenduetako bat). Beste lan batzuen artean daude zenbait pieza Kalevalan oinarri hartuak, 100dik gora abesti ahots eta pianorako, musika 13 antzezlanetarako, Jungfrun i tornet opera (Dontzeila Dorrean), ganbera musika, piano musika, 21 argitalpen musika koralaz eta musika erritual masonikoa.

Sibelius musikagile emankorra izan zen 1920ko hamarkadaren erdialdera arte. Hala ere, bukatu bezain laster bere Zazpigarren Sinfonia, Ekaitza (1926) eta Tapiola (1926), ez zuen maila handiko lanik egin bizi izan zen hogeita hamar urteetan.

Published in: on 2010/05/30 at 17:25  Comments (1)  
Tags: , , , , ,