Jean Sibelius


Honezkero jakingo duzu, irakurle, ekainaren 25ean Jean Sibelius konpositore finlandiarraren musika entzungo dela Munibe plazan, Bergaran, gaueko 22:30ean hasten denean gure ikuskizuna: Gau magikoak Munibeko plazan. Baina nor zen Jean Sibelius?

Jean Sibelius Finlandian jaio zen 1865ean Hämeenlinna herrian, eta 1957ean hil, Järvenpää-n, 91 urte zituela. Bere musika Erromantizismo berantiarrekoa da, eta eragin nabarmena izan zuen Finlandiaren nortasun nazionala finkatzen.

Bizitza

Johan Julius Christian Sibelius Hämeenlinna herrian jaio zen, Finlandiako Dukerri Handian, suediera hitz egiten zuen familia batean. Nahiz eta familian “Janne” esaten zioten, ikasle zela hasi zen erabiltzen bere izenaren frantses aldaera, “Jean”, oinarri hartuta bere osaba baten bisita txartelean. Gaur egun mundu osoan da ezagun Jean Sibelius izenarekin.

Bere familiak erabaki zuen Jean gaztea finlandiar hizkuntzako eskola batera bidaltzea, eta halaxe ikasi zuen Hämeenlinnako eskolan 1876tik 1885era bitartean. Nazionalismo erromantikoa elementu erabakigarria izan zen Sibeliusen produkzio artistikoan eta bilakaera politikoan.

Lana

Sibeliusen lanaren funtsa zazpi sinfoniatan biltzen da. Beethovenek bezala, Sibeliusek ere erabili zuen horietako bakoitza bere estiloa garatzeko.

Sinfoniak alde batera utzita, Sibeliusen konposiziorik ezagunenak dira Finlandia, Balts Tristea, biolin kontzertua, Karelia Suitea eta Tuonelako Zisnea (Lemminkäinen Suitearen lau mugimenduetako bat). Beste lan batzuen artean daude zenbait pieza Kalevalan oinarri hartuak, 100dik gora abesti ahots eta pianorako, musika 13 antzezlanetarako, Jungfrun i tornet opera (Dontzeila Dorrean), ganbera musika, piano musika, 21 argitalpen musika koralaz eta musika erritual masonikoa.

Sibelius musikagile emankorra izan zen 1920ko hamarkadaren erdialdera arte. Hala ere, bukatu bezain laster bere Zazpigarren Sinfonia, Ekaitza (1926) eta Tapiola (1926), ez zuen maila handiko lanik egin bizi izan zen hogeita hamar urteetan.

Published in: on 2010/05/30 at 17:25  Comments (1)  
Tags: , , , , ,